Gure baserri eskolaren irudia guretzat oso bereziak eta esanguratsuak diren bi elementuz osatuta dago. Alde batetik eskinosoa, gure baserri ondoan bizi den hegaztia eta harekin istorio maitagarriak bizi izan ditugunak. Bestetik kaikua, aintzinean erabilitako baserri-tresna eta gaur egun oraindik jezterako erabiltzen dena eta mamia artisau eran egiteko erabiltzen dena. Bi elementu hauen istorioa azalduko dizuegu.
Eskinosoa (Garrulus glandarius)
Eskinosoa tamaina ertaineko txori bat da, potxolo itxuraduna, hego borobilduekin eta buztan luzeduna. Arre edo arre-arrosaska kolorea dauka, hego beltzak eta oso adierazgarriak diren urdinez eta beltzez ildaskatutako lumek oso ikusgarria eta bereizgarria bihurtzen dute. Mokoa motza eta sendoa da, ia beltza.
Espezie hau basoak gehien atsegin dituen txoria da eta korbidoen artean lumadi deigarriena duena ere, hegazti familia honetakoa baita. Hegazti aski zaratatsua da eta hegaldi motzak eta hego astindu irregularrak egiten dituena.
Bere kantuari buruz esan daiteke hamaika soinnu desberdin egiten dituela, beste hegazti batzuen ahotsak errepikatzen ditu edo ardiak, katuak, e.a. bezalako beste animalia batzuen zaratak eta orroak ere. Larrialdi deiadarra entzutea izaten da ohikoena, edozein arrisku motaz jabetzean agudo jakinarazten baitute.
Iberiar penintsulan duen banaketa baso eremu zabalekin lotzen da, bere ezarpenerako basoek behar adina azalera eta heldutasuna duten eremuekin. Habitatari dagokionez ez du baso egitura jakin batekiko lehentasunik adierazten, hori bai, geroz eta basoak zatituago egon orduan eta ugaritasun gutxiago antzeman daiteke.
Txori egoiliarra da penintsula iberiarrean, hala ere neguan, hau bereziki gogorra denean, distantzia motzeko mugimenduak egin ditzakete.
Eskuragarritasuna eta urtaroaren arabera elikadura zabala dauka, hau izan daitekeelarik intsektuak, zerealak, baso fruituak, ezkurrak… haritzen ezkurrak nahiago ditu hauetaz elikatu daitekeelako udazkenetik hurrengo udaberrira arte urte oparoa denean lurrazpian kopuru itzelak gordetzen dituenez. Txori honek balio ekologiko oso handia dauka ezkurrak biltegiratzen dituelako enbor zulo, tarte eta harri azpietan, horrela ikus ditzakegu ezkurrak ernetzen gutxien espero dugun tokietan eta honekin batera haritzen birpopulazioa bultzatzen du era natural batean.
Apirila eta ekaina bitartean ugaltzen da asko landugabe eta altura baxuan dagoen kabi baten gainean, enborretik gertu edo zuhaiska batean egin ohi duena. Urtean errunaldi bakarra izaten du 3 eta 7 arrautz bitartekoa, kolore berdeska eta pikartak izaten dira. Arrautzen perratzea 16 eta 19 egun artekoa da eta txitek 21 egun pasa ostean kabia uzten dute. Korbidoen artean especie bakartiena da.
Kaikua
Kaikua ardiak eta ahuntzak jeztean esnea biltzeko eta mamia artisau erara prestatzeko erabiltzen den ontzi bat da. Morfologia deigarria dauka, gorputz koniko eta etzana duen pitxar zapala da, izurtzeko muturra eta euskarri handi bat dauka pieza bertan landua. Egurrez egina izan ohi da baina metalezkoak eta keramikazkoak ere ikus daitezke. Eredu tradizionalena urki egurrez egina dago, egur hau biguna, argia, nahiko arina baina sendoa eta oso ugaria da Euskadin eta Nafarroako iparraldean. Gainera egur honek ez du inongo usairik ezta zaporerik uzten esne edo mamian. Tresna hau duela bi mila urteko idatzietan aipatu zen.